Listen

Zer da Komunikabideen Askatasunari buruzko Europako Araudia? 

2024ko maiatzaren 7an, indarrean jarri zen Komunikabideen Askatasunari buruzko Europako Araudia, European Media Freedom Act (EMFA), ingelesez. Horrek etapa berri bat ireki du komunikabideen arloko Europako arauketan. Europar Batasuneko komunikabideen barneko merkatuaren funtzionamenduari eragiten dioten estatuko arauak bateratzea eta haien burujabetasuna eta aniztasuna bermatzea ditu helburu.

Komunikabideek azken urteetan izan duten eraldaketa sakonari erantzuten dio. Eraldaketa horrek aukerak dakartza, baina erronkak eta mehatxuak ere bai. Teknologiaren bilakaerak eta kontsumo-ohitura berriek aspalditik digitala eta mugaz gaindikoa den sektorea aldatu dute. Gainera, gero eta polarizazio eta desinformazio gehiagoko egoeran iristen da, non komunikabideek eta kazetariek presio politiko, juridiko eta ekonomikoei aurre egin diezaieketen.

Demokraziaren eta zuzenbide-estatuaren funtsezko oinarri diren aldetik askatasuna eta komunikabideen aniztasuna babestera zuzendutako printzipio eta xedapenak ditu. Araudia indarrean sartu zenetik, pixkanaka ezarri dira neurriak. 2025eko abuztuaren 8a mugarri garrantzitsua izan zen, xedapen gehienak guztiz aplikagarriak izaten hasi baitziren.

 

Zein tresna biltzen ditu komunikabideen burujabetasuna eta aniztasuna defendatzeko?

Komunikabideen sektorearen barneko merkatuaren funtzionamendu egokia eta komunikabideen burujabetasuna eta aniztasuna bermatzeko, zuzenean aplikatzekoak diren arauak ditu, honako honetara zuzendutakoak:  

  • Segurtasun publikorako arrisku larria duten EBtik kanpoko jatorrizko komunikabideen hedapenaren aurrean agintari nazional arautzaileek ematen duten erantzuna koordinatzera.
  • Komunikabideen barneko merkatuari eragin diezaioketen kontzentrazioko eragiketek argitalpenen aniztasunean eta burujabetasunean duten eragina ebaluatzera.
  • Estatu kide batek hartutako legegintzako, administrazioko edo arauketako neurriak mugatzera eta, hala badagokio, baloratzera, neurriok argitalpenen aniztasunari edo burujabetasunari eragin diezaioketenean eta komunikabideek barneko merkatuan duten jardueran eragina izan dezaketenean.
  • Neurri handiko lineako plataformetan (VLOP, ingeleseko sigletan) komunikabide burujabe eta editorialki arduratsuek argitaratutako edukirako babes zehatzak sartzera.
  • Komunikabideen jabetza-egiturei buruzko informazio gardena eta osoa ematera.
  • Ikus-entzuleak neurtzeko sistemen eta metodologien gardentasuna, inpartzialtasuna eta alderatzeko gaitasuna bermatzera, besteak beste.
  • Komunikabideen eta kazetarien iturrien burujabetasun editoriala babestera, eta komunikabide publikoen finantza-iraunkortasuna eta funtzionamendu burujabea ziurtatzera.
  • Estatu kideetako agintari edo erakunde publikoek publizitate instituzionalean egiten duten gastuari buruzko informazioa ematera. Gastu hori irizpide garden, objektibo eta diskriminaziozkoak ez direnak jarraituz esleituko da.
  • Erabiltzaileen gailu eta interfazeetan eskaintza mediatikoa pertsonalizatzea erraztera.
     

Nork du hori aplikatzeko eskumena?


Europako Batzordearen, estatu kideetako agintari nazional arautzaileen eta araudi honen ondorioz Europako Batzordeari aholkuak emateko sortu den Komunikabideen Zerbitzuen Europako Komitea erakunde independentearen artean banatuko da. Komunikabideetako agintari nazional arautzaile horien ordezkariek osatzen dute komitea, eta bere xede nagusia da EBk arlo horretan duen legegintza-esparrua eta ikus-entzunezko sektorearen araudi zehatza modu eraginkor eta koherentean aplikatzea sustatzea. Otsailaren 10ean egin zen Komunikabideen Zerbitzuen Europako Komitea eratzeko bilkuran, Carlos Aguilar Paredes CNMC erakundeko kontseilaria 2025erako hautatu zuten presidente.

Agintari nazional arautzaileei dagokienez, EMFA araudiak haien lurralde-eremuan honako alderdi hauei lotutako aginduak aplikatzeko eskubideak ematen dizkie: 

  • komunikabideen jabetzari buruzko estatuko datu-baseei lotutakoak; 
  • aniztasunean eta argitalpenen burujabetasunean eragina izan dezaketen komunikabideen merkatu-kontzentrazioak ebaluatzeari lotutakoak; 
  • jokabide-kodeak sustatzeari lotutakoak, ikus-entzuleak neurtzeko sistemei dagozkienak barne.  


CNMC erakundearen kasuan, EMFA araudiak agintari nazional arautzaileentzat aurreikusten dituen eskumenak esleitzeko, gaitzen duen lege-mailako arau bat onartu behar da, oraindik onartu gabe dagoena. 

Komunikabideen Zerbitzuen Europako Komiteari dagokionez, EMFA araudiak esleitzen dizkion eginkizun nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Komunikabideen barneko merkatuan eragina izan dezaketen kontzentrazioko eragiketei eta estatuko neurri administratibo eta arautzaileei buruzko irizpenak jaulkitzea.
  • Europar Batasunetik kanpoko komunikabideen segurtasun publikoaren aurkako mehatxuei aurre egiteko estatuko neurriak koordinatzea. 
  • Elkarrizketa egituratua antolatzea neurri handiko lineako plataformen eta gizarte zibileko eta komunikabideetako ordezkarien artean, horiek plataforma horietan argitaratutako edukiaren tratamenduari buruz.
  • Agintari nazional arautzaileen arteko lankidetza eta esperientzien eta jardunbide egokien trukea sustatzea, adibidez, ikus-entzuleak neurtzeko sistemei buruz edo erabiltzaileen gailuak edo interfazeak diseinatzeko arau bateratuak garatzeari buruz. 
Informazio hau erabilgarria izan da?