Listen

Enpresa baten egintzak desleialtzat hartzen dira kontsumitzaile eta erabiltzaileentzat fede ona urratzen badute, edo informazio partzialean edo erraz gaizki interpreta daitekeen informazioan oinarritutako kontsumo- edo kontratazio-erabakiak hartzera bultzatu nahi badute jendea.

Badira lehia mugatu dezaketen beste enpresa batzuekiko edo merkatuarekiko egintza desleialak ere.

Engainuzko egintzak

Informazio faltsua duen edo, egiazkoa izanagatik, haren edukiak edo aurkezpenak hartzaileak nahasarazten dituen edo nahasaraz ditzakeen informazioa duen jokabide oro.

Nahaste-egintzak

Besteren jarduerarekin, prestazioekin zein establezimenduarekin nahasmena sortzen denean.

Engainuzko ez-egiteak

Hartzaileak bere jokabide ekonomikoari buruzko erabaki bat jakinaren gainean hartzeko edo hartu ahal izateko beharrezkoa duen informazioa ez ematea edo ezkutatzea. Desleiala da, orobat, ematen den informazioa:

  • Argia ez izatea, ulertezina izatea, anbiguoa izatea.
  • Une egokian ez ematea.
  • Jardunbide horren helburu komertziala ez ezagutaraztea, testuinguruak nabarmen erakusten ez badu.

Jardunbide oldarkorrak

Bere ezaugarriak eta inguruabarrak kontuan harturik, jazarpenez, gogorkeriaz, are indarra erabiliz, edo eragin bidegabez (botere-jarrera erabiltzea) hartzaileak ondasunari edo zerbitzuari buruz duen aukera- edo jokabide-askatasuna modu adierazgarrian murriztu dezakeen eta, ondorioz, haren jokabide ekonomikoari eragiten dion edo eragin diezaiokeen portaera oro.

Izena belzteko egintzak

Hirugarren baten jarduerari, prestazioei, establezimenduari edo merkataritza-harremanei buruz merkatuan haren sinesgarritasunaren galera ekar dezaketen adierazpenak egitea edo zabaltzea (ez badira ez hala, ez egiazkoak, ez egokiak), batez ere haren nazionalitateari, erlijioari edo bizitza pribatuari buruzkoak badira.

Konparazio-egintzak

Zilegi izango dira objektiboak badira eta baldintza batzuk betetzen badira, hala nola helburu bera izatea edo behar berei erantzutea, eta imitazioak ez izatea.

Imitazio-egintzak

Libre da besteren prestazio eta ekimen enpresarialak edo profesionalak imitatzea, legeak aitorturiko esklusibotasun-eskubide batek babesten ez baditu. Desleialtzat joko da besteren ospeari onura ateratzea badakar edo gehiegizkoa bada.

Sekretuak zabaltzea

Ezin dira agerian utzi merkataritza-sekretuak.

Arauak urratzea

Desleialtzat jotzen da legeak hautsiz lorturiko lehia-abantaila esanguratsuaz baliatzea, baita lan-baimenik ez duten atzerritarrak kontratatzea ere.

Galerazko salmenta

Enpresa edo profesional bakoitzak bere prezioak libreki ezar ditzake. Hala ere, kostuaren edo erositako prezioaren azpitik egindako salmenta desleialtzat joko da kasu hauetan, hala nola lehiakideak ezabatzeko estrategia gisa erabiltzen bada.

Publizitate ez-zilegia

Publizitatea argia eta zintzoa izan behar da.

Informazio hau erabilgarria izan da?